Lagun Aro Aseguruak LABORAL Kutxaren jabetzakoa da, eta LABORAL Kutxa Taldeko kidea.

Pertsonek gestioan, emaitzetan eta enpresaren jabetzan parte hartzea eta bertan txertatzea bultzatzen du gestio-eredu kooperatiboak. Hain zuzen ere, MONDRAGONen «Humanity at work» lemak pertsonen protagonismoa, elkarlana eta kooperatiben arteko elkartasuna islatu nahi ditu, eta LABORAL Kutxa Taldea esperientzia kooperatibo horretako kidea da.

Eratu zenez geroztik, gizartearen aberastasuna, bezeroen gogobetetasuna, kalitateko enplegua, teknologiaren eta enpresaren garapena, etengabeko hobekuntza, hezkuntza eta ingurumenarekiko errespetua indartzeko apustuari eutsi dio.

LABORAL Kutxak banka egiteko bete modu bat du, lankidetzan eta gizartearekiko konpromisoan oinarritua.

Bezero guztiak asebetetzea eta ingurunean aberastasuna eta enplegua sortzea dira haren helburu nagusiak.

Beraren balioek eta filosofiak gidatuta, guztion interesak norberaren interesaren aurretik jarri, erabakiak demokratikoki eta arduraz hartu eta irabaziak gizartean inbertitzen ditu.

1,2 milioi bezero inguru eta 324 bulego ditu Espainiako geografiako iparraldean eta gaur egun estatuko finantza-erakunderik kaudimentsuenetako bat da. Familiekin, ETE industrialekin, nekazaritzako elikagaien alorrarekin eta ekintzaileekin konprometitzen da nagusiki.

Aseguru-jarduera Bankaseguruen estrategiaren baitan txertatzen du; hala, bulegoen eta webgunearen bidez merkaturatzen ditu aseguru gehienak. Hautatutako bitartekari-sare batekin osatzen du banku-kanala.

HONELAKOAK GARA

SEGUROS LAGUNARO SA ETA SEGUROS LAGUN ARO VIDA SA

Pertsona, enpresa eta erakundeentzako zerbitzuak eskaini eta gestionatzen ditugu. Gure enpresaren garapen iraunkorra bilatzen dugu, honako hauek ahalbidetzeko:

  • Gure bezeroen behar eta nahiak asetzea.
  • Enpresaren balioa handitzea.
  • Gure erakundeko pertsonen garapena laguntzea.
  • Gure jarduera jorratzen dugun ingurunearen garapena laguntzea.
GURE INTERES- TALDEEKIN KONPROMETITUTA

Lege-eskakizunak direla eta, sozietate kooperatiboa izan beharrean, akziodun sozietatea bagara ere, geure egiten ditugu kooperatiben eginbide eta balioetako asko.

Gure balioak: konpromisoa, hurbiltasuna eta gardentasuna.

Aseguru-sektorean eta gure ingurune geografikoan konpainia errentagarria eta sozialki arduratsua izateagatik eta gure interes-taldeekin harreman sendoak eta konfiantzazkoak izateagatik aintzatetsiak izan nahi dugu.

PRODUKTU ETA ZERBITZUEN ESKAINTZA ZABALA

Espainiako merkatuan ezarrita gaude eta aseguru-merkatuko erreferenteak gara Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan.

Produktu eta zerbitzuen eskaintza integrala jartzen dugu bezeroen esku, partikularren beharrizanak (autoa, etxea, bizitza, istripua, aurrezkia, heriotza, osasuna...) ez ezik, autonomo eta enpresenak ere (merkataritza, negozioa, erantzukizun zibila, bizitza/istripuak, eguneroko baja..) asetzeko.

BI BANAKETA-KANAL: LABORAL KUTXA ETA BITARTEKOTZA

LABORAL Kutxako pertsonen bidez ez ezik, haren partaidetzako sozietatea den Caja Laboral Bancaseguros SLU (CLBS) bankaseguruetako operadore lotetsiko pertsonen bidez ere banatzen ditugu aseguruak. CLBS aseguru- bitartekotzako sozietatea da. Lagun Aro Aseguruen bulego-sarean ari ziren eta gerora LABORAL Kutxako bulegoetan txertatu diren pertsonek osatzen dute. Era berean, bitartekotza-kanal bat ere badugu, merkatuko presentzia handitzeko.

LANKIDETZA- HITZARMENAK

Lankidetza-hitzarmenak ditugu aholkularitza komertzialerako eta zerbitzua emateko plataformekin. baita hainbat jarduera-alorretako hornitzaileekin ere, eta gure bezeroen eskura jartzen ditugu, bezeroen polizetako estaldurak gestionatzeko. Besteak beste, orotariko konponketak egiteko gremioekin (iturginekin, argiketariekin, sarrailagileekin), auto-lantegiekin (beirak, txapa nahiz pintura konpontzeko lantegiekin), garabiekin, taxilariekin, hotelekin, ibilgailuak alokatzeko enpresekin, abokatuekin, prokuradoreekin, eta orotariko ezbeharretarako perituekin.

ELKARTE ASKOTAKO KIDEAK GARA
  • AMICE, Europako Aseguru Mutualitate eta Aseguru Kooperatiben Elkartea.
  • ICMIF, Aseguru Mutualitate eta Kooperatiben Nazioarteko Federazioa.
  • EURESA, gizarte-ekonomiako Europako aseguratzaile-taldeen elkartea.
  • ICEA, Aseguru Erakundeen eta Pentsio Fondoen arteko Lankidetzako Ikerkuntza.
  • UNESPA, Aseguruaren Enpresa Elkartea.

BULEGOEN BANAKETA GEOGRAFIKO

 

    LABORAL Kutxako bulegoak     Bitartekotzako bulegoak

FINANTZA-INDARRA ETA -SENDOTASUNA

Bere akziodunari (LABORAL Kutxari) errentagarritasuna ematea da Lagun Aro Aseguruak sozietateak arlo horretan duen helburua, kostuak murriztuz, efizientzia hobetuz eta antolakuntza-egitura erraztuz, enpresa-proiektu iraunkor batek izan behar dituen balioekin bat.

Lagun Arok 355.230 bezero ditu, 190 milioi euro primetan (aurreko urtetik hona % 14,4 hazkundea izan eta gero) eta 434 milioi euro hornidura matematikoetan. 2017an 37,4 milioi euroko irabaziak izan ditu zerga aurretik*.

(*) Aseguru-konpainiek (Seguros Lagun Aro SAk eta Seguros Lagun Aro Vida SAk), Caja Laboral Bancasegurosek eta LABORAL Kutxak (aseguruei dagokien alderdian) garatzen duten jardueraren ondoriozko negozioa.

EGITURA

2017an, 167 lagun aritu gara lanean Lagun Aro Aseguruetan. Konpainiak Bilbon du egoitza eta haren egitura honela dago osatuta: Administrazio Kontseilua, Zuzendaritza Kontseilua eta Zuzendaritza Nagusiaren mendeko area funtzionalak.

Horiek batera egiten dute aseguru-entitateen gestioa.

Administrazio Kontseiluak estrategia finkatu, gobernu- sistema ebaluatu eta berrikusi eta erakundearen jarduna arautzen duten jarraibideak eta politikak onartzen ditu. Zuzendaritza Kontseiluari dagokionez, EGEaren alorreko erabakiak hartzen ditu. Hain zuzen, Enpresaren Gizarte Erantzukizunerako arduradun bat dago, zuzendaritza- organo horretako kide iraunkorra dena.

ALDAGAI NAGUSIAK

ESTRATEGIA ETA GESTIOA:
LEHENTASUNEZKO HELBURUAK

Gestioaren aginte-taulako adierazle kuantitatiboen balantzea eginez aztertzen du Lagun Arok urteko gestio plana; era berean, baina, hurrengo planerako helburuak egokitzeko ondorio kualitatiboak ere ateratzen ditu.

Honahemengauregungomerkatu-inguruneanantzemandako arriskuak: produkzio berriko salmentak areagotzeko premia, trafiko-istripuen biktimen kalte-ordainak kalkulatzeko autoen baremoaren eragina, klima-aldaketari lotutako etxebizitzetako ezbehar-tasa, gastuei eustea, interes-tasa baxuko egoeran finantza-sarrerek duten bilakaera...

Hona hemen 2018an ere jarraipena duten erronka nagusiak: bezeroaren esperientzia eta eraldaketa digitala.

Bezeroaren esperientziari dagokionez, aldaketak egingo ditugu zerbitzua ematean bezeroarekin komunikatzeko eran.

Eraldaketa digitalari dagokionez, eta bankan gertatzen den bezala, aseguruen sektorearen etorkizuna honako helburu hauei lotuta dago:

  • Erakundearen barne-kultura eraldatzea, erronka berriei aurre egiteko.
  • Erakunde arinagoa.
  • Egungo prozesuak digitalizatzea eta, horretarako, aurretiaz efizienteagoak egitea.
  • Beste erakunde batzuekin (insurtechekin, startupekin, unibertsitateekin...) lankidetzan hastea.
  • Kanal digitalak garatzea, eta batez ere mugikorretarako garapenei begira.
  • Ez da bistatik galdu behar eta, aitzitik, bertatik bertara jarraitu behar da teknologia berrien bilakaera, 2018an bertan berehalako ondoriorik izan ez arren, ondorio horiek laster helduko dira eta (auto autonomoak, IoTa, blockchaina...).

Eraldaketa digitala geldiezina da eta guretzat lehentasuna da alor horri behar bezala heltzea eta erakunde efizienteagoa, eraginkorragoa eta arinagoa lortzea.

Bezeroen esperientzia suspertu nahi dugu, dagoeneko ez baititu soilik produktuak eta zerbitzuak eskatzen eta bai, gainera, pertsonalizazioa, esperientzia, arintasuna eta gardentasuna.

2017ko Gestio Planean, eta 2018an ere bai, txosten honetan azaltzen ditugun Iraunkortasunari eta Gizarte Erantzukizunari lotutako ekimen batzuek garrantzi estrategikoa dute.

LABORAL Kutxaren EGE Batzordean hartzen du parte Lagun Aro Aseguruak sozietateak. Finantza-erakundeko Zuzendaritza Kontseiluak eskuordetutako organoa da, eta halako jarduerak zuzentzeaz gain, administrazio-organo gorenari jardun horren berri ematen dio, ingurumen- eta gizarte-politikak ikuska ditzan.

EGEari buruzko urteko txostenak GRIk (Global Reporting Initiativek) zehaztutako jarraibideak errespetatzen ditu.

GESTIO-IKUSPEGIA

Interes-taldeekin kontsultatu eta, horren ondorioz, gizarte-erantzukizunari lotutako jardunbide nagusien testuinguruan kokatzeko gai garrantzitsuak ateratzen ditugu.

FUNTSEZKO ADIERAZLEAK

Funtsezko adierazleen bilakaerari erreparatuz, hiru ikuspegiren gaineko begirada globala eskura dezakegu: ikuspegi ekonomikoaren, sozialaren eta ingurumenaren gainekoa.
Duela hiru urtetik hona, interes-taldeei Iraunkortasunari buruzko txostena ahelarazten diegu eta, hala, beraiekiko konpromisoa indartzen dugu.

GOBERNUA, ERANTZUKIZUNA ETA ZINTZOTASUNA

GARDENTASUNA GESTIOAN ETA GOBERNAMENDU ONA

2017an hainbat arau eta erregelamendu jarri ditugu indarrean, eta horien artean Gobernu-organoen Barne Araudia (Kontseilariaren Estatutua) nabarmenduko dugu. Izan ere, gestio-esparruetako bakoitzeko gobernu-organo gorenaren zeregina eta eginkizunak zehazten dira bertan.

GESTIO ETIKOA

Era berean Kode Etikoa ere egin dugu. Pertsona guztien portaera arautu behar duten printzipio eta jarraibide orokorrak zehazten ditu agiri horrek. Hala, Lagun Aro Aseguruen negozio eta jardueretan (berdin dio non jorratzen diren) erabili beharreko portaera etikoaren oinarriak garatzen ditu. Bertan jasotzen da Lagun Aro Aseguruek Talde osoko harremanetan (langileekin, bezeroekin, hornitzaileekin, akziodunekin eta osatzen duten sozietateekin) jokabide arduratsua bermatzeko konpromisoa.

Gobernu korporatibo onaren, gardentasunaren eta gizarte- erantzukizunaren bidez, portaera etikoa, zintzoa eta zuzena mantentzeko interesa azpimarratzen dute arau horiek eta argitaratutako beste araudi eta informazio batzuek (besteak beste, Kontseilariaren Estatutu Juridikoak, Araudia Betearazteko Politikak eta Zigorra Prebenitzeko Ereduak).

Salaketak ezagutarazteko, horien jarraipena egiteko eta horien aurrean jokatzeko prozedura diseinatu da.

FETS Elkartearen Finantza Etikoen Behatokiaren eskutik, erakunde bat Ethical and Solidarity based Insurance gisa aitortzen duen ziurtagiria eskuratzeko aurkeztu gara.

COMPLIANCE

  • Araudia Betetzeko Plana eguneratu dugu.
  • Enpresako sailetan ditugun arau-arriskuak landuko dituen Araudia Betetzeko Batzordearen osaera finkatu dugu.
  • Aseguruak Banatzeko Araudian eta Datuak Babesteko Europako Araudian izan diren arau-aldaketen berri eman diogu Erakunde osoari, eta batez ere goi-zuzendaritzari.

USTELKERIA-ARRISKUAREN GESTIOA

Testuinguru horretan biltzen dira kapital-zuriketaren eta terrorismoaren finantzaketaren aurkako borrokak. Kapital- zuriketari aurrea hartzeko eta terrorismoaren finantzaketa kontrolatzeko eskuliburuaren azken bertsioa 2017an onartu da. Gainera, indarrean dagoen araudiari erantzunez, debekatutako bezeroak eta ardura publikoa duten bezeroak antzemateko prozesuak hobetu ditugu LABORAL Kutxarekin alerta-sistemak gurutzatuz.

BARNE-KONTROLA

  • Barneko Auditoretza Batzordea arduratzen da Auditoretza Planaz eta haren jarraipena egiteaz.
  • Harpidetzari lotutako arriskuak (araudiak eta administrazio-prozedurak betetzen direla ziurtatzea, agiriak kontserbatzea...) ikuskatzeko barne-auditoretzak urtean behin egiten dira bulegoen % 100etan, bai Bankaseguruen kanalean bai Bitartekotza-kanalean, urteko eta eguneroko auditoretzetan zehaztutako alerten eta arrisku-taldeen arabera.

INBERTSIOAK

Inbertsio arduratsuei erreparatuta, azpimarratzekoa da 2017an gure errenta finkoko inbertsioaren zati handi bat (% 19 inguru) LABORAL Kutxaren Altxortegiaren eta Kapital Merkatuen Departamentuaren gestioaren pean dagoela eta Departamentu hori EIRIS-Vigeok emandako informazio ez-finantzarioa erabiltzen hasi dela inbertsioaren hartzaile izango diren aktibo-jaulkitzaileak hautatzeko prozesuetan.

BEZEROAREN ESPERIENTZIA

2017an honako hauetan jarri dugu indarra:

  • Produktu eta zerbitzu berriak proposatzen eta beraiekiko bezeroen gogobetetasuna bilatzen.
  • Auto-aseguruen zerbitzua ematean bezeroen esperientzia hobetzeko ekintzak jorratzen.

Gure bezeroek gugan konfiantza jarri eta poliza kontratatzen badute, gure beharra duten unea iristen denean, konpainiak beraien egoeragatik kezkatzea eta arazoa konpontzen indarra jartzea espero dute.

Ez da nahikoa ezbeharra gestionatzen profesionalak izatea. Horregatik, zerbitzua emateko momentua iristen denean bezeroaren esperientzia hobetzeko lanean jarraitzen dugu Lagun Aro Aseguruetan.

Ildo horretan, auto-aseguruen zerbitzua ematean bezeroek duten esperientziari lotutako proiektua jorratu genuen eta, haren ondorioz, ekintza plan zabala finkatu dugu; zehazki, ezbeharretan izaten diren une kritikoak identifikatu eta halako uneetako bakoitzean bezeroek izaten dituzten emozioak aztertu ditugu.

Bi hobekuntza ekarri dituen ekintza-plana jarri dugu abian, emozio negatiboak gutxitu eta positiboak bilakarazteko asmoz:

  • Infografiak bidaltzea bezeroaren mugikorrera.
  • Emandako zerbitzuagatik 5 izarretako balorazioa egitea.

Testuinguru horretan bertan, auto-istripuaren gestioan «bezeroaren bidaia» marrazten aritu gara. Hori eraikitzeko, azterketa kualitatiboa egin dugu bezeroekin, prozesuan dituzten emozioak eta batez ere puntu kritikoak (gure premiarik handiena duten uneak) identifikatzeko. Azterketa hori da datozen urteetan abian jarriko ditugun ekintza berrien abiapuntua.

Era berean, gaur egungo lantegi-sarearen izena (Okeicar lantegi-sarea) aldatu egin dugu eta, ondorioz, aurrerantzean «Konfiantzako lantegien sarea» izena hartuko du. Helburua: izen intuitiboagoa bilatzea, errazagoa gogoratuko dena eta, aldi berean, Lagun Aro Aseguruetan eman nahi dugun zerbitzua islatuko duena.

ZERBITZU-BIKAINTASUNA ETA GURE BEZEROEN GOGOBETETASUNA

Bezeroen aurreikuspenak eta eskariak ezagutzea da beraiekiko elkarrizketa-bideen helburua.
Bezeroarekiko arretaren eta zerbitzuaren kalitatea harreman-kanal guztietara eramateko helburua duen prozesu baitan txertatzen dira horiek guztiak.

 

Bezeroen gogobetetasun-maila altua da, ondoko taulan ikus daitekeen bezala.

Oro har, bezeroek aintzatetsi egiten dute Lagun Aro Aseguruen jarduera arlo garrantzitsu hauetan:

  • Gizartearekiko eta bertako garapenarekiko konpromisoan eta, bereziki, euskarari eta euskal kulturari laguntzeko lanean.
  • Zerbitzuaren kalitatearen eta bezeroekiko gestio zintzo eta arduratsuaren aldeko apustu argian.
  • Aholkularitzako profesionaltasunean eta espezializazioan.

Irisgarritasunari dagokionez, txosten honetan behin baino gehiagotan aipatu dugu zer-nolako ahalegina egiten dugun kanalak hobetzeko eta Internet eta mugikor bidez bezeroekiko harremana mantendu eta indartzeko.

ERALDAKETA DIGITALA

2017an honako aurrerapen hauek egin ditugu:

  • Aseguruei buruzko atala dakar LABORAL Kutxaren online banka berriak, finantza-operatiban erabat txertatuta eta menu nagusiko leku nabarmenean, posizio guztien alboan.

 

  • LABORAL Kutxaren aplikazio mugikorreko aseguruen arearen errendimendua hobetu eta funtzio berriak gehitu ditugu. Haren bidez, besteak beste, laguntzako zerbitzuetara joan daiteke, isunak ordaindu, partea eman, hurbilen dauden lantegiak ikusi eta garabia non dagoen ere ikus daiteke.
  • Lantegiak kudeatzeko «Lantegien ataria» izeneko tresna gehitu dugu eta, hartara, Konfiantzako Lantegien Sarearen gestioa konpainiaren prozesuetan txertatu dugu. Horri esker, bezeroentzako arreta-zerbitzua hobetu eta konpainiaren, perituen, lantegien eta bezeroen arteko informazioaren gestioa arindu dugu.
  • «Konponketen egutegia» izeneko tresna berria gehitu dugu. Konpontzaileen esku-hartzeak zehazteko egutegia da: lanak amaitzeko daten berri eman eta programazio horretan gorabeherarik egonez gero, jakinarazi egiten dituzte. Esku hartzeko epeen kontrola hobetzea eta informazio hori bezeroen esku uztea da tresnaren helburua.

  • Txat funtzionalitatea gehitu dugu webgunean, bezeroen zalantza eta kontsultei online eta berehala erantzuteko.
  • CRM berri bat ezarri dugu, hobekuntza garrantzitsuekin, bezeroentzako arretarako plataformaren jarduera komertziala gestionatzeko.
  • Era guztietako arrisku metatuak aztertzeko aukera ematen digun tresna berri bat garatu dugu.
  • Kaudimena II ezartzearen ondorioz, hondamendi-esposizioa gestionatzeko beharrari erantzuteko asmoz Lagun Aro Aseguruek abian jarri duten proiektuaren esparruan sartzen da tresna berri hori.
  • Isunen fitxategi batera atxikitzeko lanean ari gara, autoen ezbehar-arriskua hobeto gestionatzeko.

BEHARRIZAN BEREZIAK ESTALTZEN DITUZTEN PRODUKTU BERRIAK

  Hipoteka-mailegua kontratatzeko unea mailegu-hartzaileek bizitza-asegurua ere erosteko une aproposa da, hilez gero edo erabateko desgaitasuna izanez gero, hipoteka-zorra ordaintzeko estaldura izan dezaten beraiek eta beraien familiek.
  Bezeroarentzako laguntza eta babes digitaleko zerbitzuak dituen Etxe Digitala nabarmenduko dugu.
  Lankidetza-dimentsioa duen aseguru-produktua da, ezbeharrik izanez gero, ibilgailuen errentariei nahiz jabeei erantzungo diena.
  Produktu hori 55 urtetik gorakoen taldeari zuzentzen zaio, segmentu horrentzat egokitutako balio handiko berme eta zerbitzuak eskaintzen baititu: hezur-hausteak, erredurak, ospitaleratzea, etxebizitza egokitzea eta eguneroko bizitzarako laguntza. Merkaturatzeko aseguru erraza da, eta aseguru-prima merkea eta lehiakorra.
  Proiektuen berrikusketa horrek aholkularitza komertziala erraztu eta dokumentazioa arintzen du.
  LKren bezeroentzako tarifikazio erraztuko asegurua garatzea, prezioa bizkor kalkulatu eta etxeko asegurua erraz eta bizkor kontratatzeko. 2018an merkaturatuko da.
  Bizitza/Arriskua adarreko modalitatea, bizitza osoan erabiltzeko estaldura eta zerbitzuekin. Orotariko hartzaileak ditu jomugan: familia- eta finantza-kargarik ez duten gazteak, desgaitasuna soilik estali nahi dutenak; normalean oinarri minimoan kotizatzen dutenez, Gizarte Segurantzaren prestazioak benetako sarreren arabera jasotzen ez dituzten autonomoak; gaixotasun larriengatik kezkatuta dauden eta bigarren iritzi mediko bat edo tratamendu azkarra eta kalitatekoa jasotzeko interesa duten pertsonak, edota diru-sarreren gutxitzea arintzea nahi dutenak.

Gure bitartekarien gogobetetasun-maila altua da, ondoko taulan ikus daitekeen bezala.

 

2017an EIAC jarri dugu indarrean, aseguratzaileen eta artekarien artean informazioa trukatzeko estandar bateratua. Gure bitartekarien lana errazteko sektore- proiektua da; hari esker, partekatutako informazioaren efizientzia eta fidagarritasuna areagotzen da.

Era berean, bitartekarien multitarifikatzaile nagusiak integratzen jarraitu dugu, adibidez etxe-aseguruetan. Beste alde batetik, Euskal-segurren hirugarren edizioa lagundu dugu. Euskadiko seguru-bitartekotzako hitzordu handia da, aurten Donostiako Kursaal Jauregian egin dena.

«Aseguru-bitartekotzarako enpresa-estrategia» izenburupean, bitartekariei eragiten dieten alderdi nagusiak landu dira bertan: finantza-merkatua arautzen duen MiFID II zuzentarau berria; aseguruak banatzeko araudia aldarazi duen Bitartekaritza Lege berria; legezko betebeharrak eta arriskuen kudeaketa.

Urtero bezala, Lagun Aron bitartekariaren prestakuntzaren aldeko apustua egin dugu, CECASen (Aseguru Bitartekarien Elkargoen Kontseilu Nagusiaren Ikasketa Zentroan) oinarrituta.

Oraingo honetan, «Inkrementa teknologia» gaia landu da. Zehazki, Inkrementa proiektuaren saio praktikoa egin da salmenta gurutzaturako tresna digitalen bidez eta Bizitza Arriskua adarrean indarra jarriz.

Lagun Arok, kanal hori indartzeko egin duten apustuaren baitan, «Special Club» bitartekarien kluba sortu du, onura berezi batzuk elkarrekin lantzeko. Helburua: bitartekari talde batekin 2017tik 2019ra bitarteko hazkunde-plan indibidualizatua diseinatzea, hiru adar jakinetan: auto- eta etxe-aseguruetan eta bizitza arriskuko aseguruetan.

ADECOSErekin, aseguru-bitartekotzako sektoreko enpresa liderrak biltzen dituen elkarte independentearekin, lankidetzan aritzen gara. Testuinguru horretan, ADECOSEko kide diren aseguru-etxeen eta enpresa bazkideen «Ezbeharrak Gestionatzeko Jardunbide Egokien Kodeari» atxiki gatzaizkio.

Gida horrek aseguru-etxeentzako betebeharren dekalogo bat eta elkarteko artekarientzako beste dekalogo bat zehaztu ditu, ezbeharrak hobeto gestionatu eta aseguratuak onuradun gertatzeko.

EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNA

2017an Diagnostikoa eta Berdintasunerako II. Plana egin ditugu. Emakundek homologatutako eta halako gaietan espezializatutako Elhuyar Aholkularitza enpresaren laguntzarekin, bi fasetan burutu dugu prozesua: Erakundean emakume eta gizonen arteko berdintasun- egoera aztertzeko diagnostiko-fasean, inkesta egin eta enpresaren agiriak eta datuak aztertu dira. Ondoren, diagnostikoaren emaitzak eta ondorioak kontuan hartuta, datorren urteetan jorratzekoa den Emakumeen eta gizonen berdintasunerako II. Plana diseinatu dugu bigarren fasean.

Plana egiteko, Berdintasun Batzordea eratu da, Planaren indarraldi osoan (2018tik 2020ra bitartean) lanean jardungo duena. Era berean, Berdintasun Planerako Koordinatzailea izendatu da, aipaturiko aholkularitza- enpresarekin batera Plana bultzatzeko.

Hona hemen planaren helburu nagusiak:

  • Berdintasunerako Plana txertatzea.
  • Erakundeko pertsona guztiak erakartzea Plana jorratzeko zereginera.
  • Plantillaren % 90ek sentitzea hautapen- eta sustapen- prozesuak berdintasun-irizpideen arabera egiten direla.
  • Laneko eta etxeko bizitzak bateratzeko beharrizanak erakundearen errealitatera egokitzea.
  • Ordainsarietan eta gizarte-onuretan egon litezkeen desorekak ezagutu eta gainditzea.
  • Pertsonek gehiago jakitea ordainsarien benetako egoerari buruz.
  • Erakundean sexu-jazarpenik edo jazarpen sexistarik ez egotea.
  • Desberdintasuna eragin lezakeen hizkera erauztea.
  • Hizkeraren eta irudien erabilera inklusiboa bermatzea.
  • Berdintasun-alorreko aintzatespen publikoa lortzea.
  • Interes-taldeak berdintasun-alorrean sentsibilizatzea.

Gai horiei guztiei heltzeko, gaika banatutako lantaldeak eratzen ari dira, Lagun Aro Aseguruetako plantilla osatzen duten pertsonen partaidetza aktiboa azpimarratuta.

Beste alde batetik, nabarmentzekoa da Bilboko Udalak eta RACVNek antolatutako «Mugikortasunerako herritarren XIII. topaketetan» hartu dugula parte 2017an, beste erakunde batzuekin batera. Edizio horretan, genero- ikuspegitik landu da mugikortasuna.

Emakumeek Konpainiaren organo nagusietan duten presentziari dagokionez, 2016az geroztik emakume bat dago Lagun Aro Aseguruen Administrazio Kontseiluan.

Era berean, 2017an Zuzendaritza Kontseilua berritu egin da eta emakume bat da konpainiako zuzendari berrietako bat.

ORDAINSARIAK

Lagun Aro Aseguruetan ordainsaria lanbide-kategoriaren arabera jasotzen da: lanpostu berak soldata bera du, gizona edo emakumea izan. Lansarien hazkundea berdina da langile guztientzat.

Ordainsari aldakorrari dagokionez, langileak enpresaren jabeak ez diren arren, enpresaren gestioan eta emaitzetan parte hartzen dute.

Hona hemen horretarako bideak:

  • Ordainketa Aldakor Indibiduala (OAI), langile guztiek jasotzen dutena.
  • Ordainketa Aldakor Kolektiboa (OAK) kontratu mugagabea duten pertsonei ezartzen zaiena (plantillaren % 100ari, praktikan). Izan ere, borondatez atxiki zaizkio langileak enpresaren emaitzetan parte hartzea ahalbidetzen duen sozietate bati.

Gure negozio-ereduan LABORAL Kutxaren atal komertzial osoak aseguruen salmentan parte hartzen duela kontuan hartuta, langileak zer OAI jasoko duen erabakitzeko eragina duten bi enpresa-helburuetatik bat aldatu da 2017an.

Lagun Aro Aseguruetan, ondoen ordaindutako pertsonak duen soldataren eta plantillaren batez besteko soldataren arteko ratioa 2,46koa da, ordainketa-kontzeptu guztiak aintzat hartuta. Alde hori ez da inolaz aldatu azken urteotan.

PRESTAKUNTZA ETA EUSKARA

2017an Bezeroaren Esperientziari buruzko prestakuntza trinkoari heldu diogu, 100 lagun ingururen partaidetza bilduta.

Era berean, gure proiektuetarako ideia berriak eta balio erantsia bilatzeko bidean, design thinking alorreko trebakuntza eman eta Gestio Plan zehatz bat landu dugu metodologia hori erabiliz. Esperientzia pilotu horren ondoren, eta metodologia horretan ikasitakoa oinarri, beste proiektu batzuetara zabalduko da.

2017an 2.465 prestakuntza-ordu eman dira guztira.

Beste alde batetik, hizkuntza-normalizazioa lantzen jarraitu dugu, euskara lan-hizkuntzatzat areago erabiltzeko.

ENPRESA OSASUNTSUA

Pertsonei egiten diegun osasun-zaintzaren ondorioz eta gure plantillaren batez besteko adinaren (48) eta egiten dugun lan sedentarioaren jakitun, 2017an Enpresa Osasungarria Proiektua jorratu dugu.

«Lagun Aron geurea zaintzen dugu» lemapean, osasuna sustatzeko orotariko jardunbideak landu ditugu ildo horretan: elikadura, ariketa fisikoa, ergonomia eta faktore psikosozialak. 2017an abiarazitako proiektu horrek jarraipena izango du 2018. eta 2019. urteetan, sozietateko pertsona guztien osasuna suspertzeko ekintza-planak eta jarduerak jasota.

Hona hemen 2017an burututako ekintzak:

  • Osasunari lotutako mezuak barruko karteletan.
  • Kopau osasungarriak saltzeko makinetan.
  • Fruta bulegoan.
  • Elikadura osasungarriari buruzko prestakuntza.
  • Newsletterra.
  • Menu-gomendio praktikoak.
  • Enpresako ekitaldietako cateringa berrikustea.
  • Plastikozko botilen ordez beirazko banakako botilak jartzea, eta botilako uraren ordez, sareko ura iragazi eta arazten duten iturriak.

ELKARRIZKETA SOZIALA

Lagun Arok harreman etengabea eta erraza du langileen legezko ordezkaritzarekin. Berarekin negoziatzen du, hain zuzen, lan-hitzarmena (BOEn argitaratzen da). 2017an, 2015eko aurreko lan-hitzarmena amaitu ondoren bi urteko luzapena hitzartu zen.

Hitzarmen horren esparruan, ezarri beharreko hitzarmen kolektiboan jasotako baldintzak hobetzea erabaki zen, salbuespen gisa, 2016. eta 2017. urtean txertatzeko. Hala, enpresak BGAErako aparteko ekarpenak egiteko konpromisoa hartu zuen. Zehazki pertsona bakoitzeko 300 €-ko ekarpena egin da 2016an eta 2017an. Ekarpen horietako bakoitza eskuratzeko eskubidea izateko, langileak aurreko urteko abenduaren 31n planaren harpideduna izan behar zuen, eta 300 €-ko edo hortik gorako ekarpena egin.

Luzapen horri esker, ekitaldi osoan giro sozial egokiari eutsi zaio. 2017ko amaieran, eta luzapena amaitu ondoren, hurrengo ekitaldietarako hitzarmen berria negoziatzen hasi gara.

LABORAL Kutxak ingurumena gestionatzeko erabiltzen dituen politika berak erabiltzen ditu Lagun Aro Aseguruak sozietateak ere, nahiz eta ez den haren Ingurumena Gestionatzeko Sisteman sartzen.

Gure jardueraren izaera dela eta, oso ingurumen-inpaktu txikia dugu. Dena dela, paper-kontsumoari erreparatzen diogu batez ere.

Ildo horretan, erakundean paper gutxiago erabiltzeko ahalegina egin dugu, hala barruan (inprimaketa-eredu berri bati esker) nola kanpoan (bezeroen dokumentazioaren gestioa optimizatuz).

Gure inprimagailu eta fotokopiagailu guztiak berritu ondoren, kostuetan efizientzia handiagoa eta inprimaketei buruzko informazio zehatza lortu genituen, gestioa hobetzeko. 2017an inprimaketen kopurua eta, beraz, paper-kantitatea murrizteko kanpaina jarri genuen abian.

Beste ekimen batzuk ere abiarazi ditugu: gastu-oharren sistema aldatu dugu; zerrendak automatizatu; pantaila bikoitza erabili; bi aldeko inprimaketak sustatu; talde bakoitzari hilean egindako inprimaketen berri bidali zaie; eta papera gutxitzeko lehiaketa jarri dugu abian.

Hartara, pertsona gehien biltzen dituzten Zerbitzu Zentraletan, 2016an hilean 9,1 zuhaitz erabiltzetik 2017an batez beste hilean 1,7 zuhaitz erabiltzera igaro gara (abenduan, zehazki, 0,80 zuhaitz). Beherakada nabarmenaizan da.

FOLIOAK HILEAN (BATEZ BESTE)

Era berean, polizak formatu digitalean jaulkitzeko eta bitartekari eta bezeroen esku aplikazioetarako sarbideak jartzeko proiektua abiarazi dugu. Horri esker, Lagun Aroren aseguru-bitartekariek eta bezeroek formatu digitalean helarazi ahal izango digute dokumentazioa, bai harpidetza-prozesuan bai zerbitzua ematean.

Proiektu horrek inpaktu argia izango du ingurumenean, inprimaketak asko gutxitzen direlako, askoz paper gutxiago lekualdatu behar delako eta fitxategirako leku gutxiago behar delako.

2017an, lehen aldiz, ingurumen-alderdien identifikazioa, erregistroa eta ebaluazioa egin da, bakoitzari lotutako ingurumen-inpaktuak zehaztu eta bizitza-zikloaren ikuspegitik duten garrantzia erabakitzeko. Horretarako, tamaina eta arriskua zehaztu eta garrantzi-maila lortzen da.

Ondoren, Ingurumena Gestionatzeko Programaren adierazle nagusiak aurkeztuko ditugu, ebaluazio horren arabera.

Gure jarduerak duen karbono-aztarnaren kalkuluak aparteko garrantzia du eta 2017an egin genuen lehen aldiz.

Hori lortzeko, honako hauek hartu ditugu kontuan:

  • 1. irismena zehazteko, gasolioaren eta propanoaren kontsumoa hartu dira aintzat.
  • 2. irismena zehazteko, argindarraren kontsumo osoa (Zerbitzu Zentraletakoa eta bulego-sarekoa) hartu da aintzat.
  • 3. irismena zehazteko, lanaldian egindako joan-etorrien ondoriozko isuriak, taxian egindako kilometroak, kontsumitutako paperaren isuriak eta bezeroek gure webgunea erabiltzean egiten duten argindar- kontsumoa hartu dira aintzat.

Ingurumenaren segurtasunari dagokionez,lanekoeraikinek eta instalazioek larrialdi-plana dute, gorabeheraren bat gertatuz gero ingurumenari eragin liezazkiokeen kalteak identifikatu eta inpaktu hori ahalik eta txikiena izateko jokabidea ere aintzat hartzen duena.
Hondakinen gestioari dagokionez, hondakinik garrantzitsuenak, papera eta tonerra, era zentralizatuan gestionatzen dira lantoki guztietan.

Lagun Arok era zentralizatuan egiten du erosketen gestioa. Zehazki, LABORAL Kutxak hartzen du horren ardura. Ondasun eta zerbitzu gehienak gauden lekuan bertan eskuratzen ditugu:

 

2017an, enpresa hornitzaileen gestio-proiektua jarri dugu abian, departamentuek egiten dituzten erosketen gestioa taxutzeko. LABORAL Kutxako Etika Batzordearen ekimena izan da, eta hornitzaileekin dugun harremana iraunkortasunaren ikuspuntutik hobetzea da helburuetako bat.

Azkenik, eta laneko arriskuei dagokienez, «enpresa- jardueren koordinazioa» jorratu dugu, gure lantokietara lanera etortzen diren beste enpresa batzuetako langileen lan-baldintzetan arriskuen prebentzioari buruzko eskakizun guztiak betetzen direla ziurtatzeko.

Lagun Aro Aseguruak Euskal Herrian sortu zen 1982an, gizartea zerbitzatzeko konpromiso handia ezaugarri duen enpresa-talde baten baitan.

LABORAL Kutxak, izaera juridikoaren eta bokazio kooperatiboaren ondorioz, emaitza banagarrien % 25 (tartean Lagun Aroren mozkina) gizarteari itzultzen dio.

Gizartean kultura, lana eta laguntzak bultzatzeko, bizi- kalitatea hobetzeko eta gizarte-garapena eta ingurumena babesteko diru-laguntzak banatzen ditu.

Gizarte-lanen atal zehatz bat tokiko beharretarako (tokiko banaketarako) gordetzen du, LABORAL Kutxaren bulegoen bitartez. Bulego horiek inguruko jardueretara (auzo- elkarteetara, inguruko ikastetxeetara, gizarte-ekintzako eliza-taldeetara, etorkinei laguntzeko zentroetara...) bideratzen dituzte laguntzak.

Testuinguru horretan, Stop Accidentes, Gaztenpresa eta ZEHARO FUNDAZIOA sozietateekin jorratu dugu lankidetza 2017an Lagun Aro Aseguruetan.