Ikasgelan

Itzuli

OSASUNA

2008/06/23 - Osasun-laguntzaren bermea

Igorlea Lagun Aro (Comunicación)

Ezagutzera eman: |

Europar Batasuneko herrialderen batera bazoaz, ez daukazu aseguru hau kontratatu beharrik, hitzarmenak daudelako herrialde horietako osasun-sistema publikoen artean, baina E-111 dokumentua, bai, hartu beharko duzu Gizarte Segurantzako edozein bulegotan.

Eta beste kontinenteetara bidaiatzeko, berriz, komeni da osasun-laguntzako aseguru bat aldez aurretik kontratatzea, eta hainbat formula daude horretarako:


· Gastuak ordaintzeko osasun-aseguru bat baldin badaukazu, munduko edozein lekutan izango duzu estaldura, baina koadro medikoarena bakarrik baldin bada, Estatuko ospitale itunduetara soilik mugatuko da estaldura.

· Eta aurreko aseguru hori ez badaukazu, baina automobil-poliza baten hartzailea bazara, bidaiako laguntza-aseguruak larrialdiko kasuetarako estaldura emango dizu.

· Gero, kontrata ditzakezu aldi baterako osasun-laguntzako aseguruak ere, estaldura bidaia-aldirako eta herrialde edo leku jakin baterako bakarrik emango dizutenak.



2008/06/02 - Bidaia-aseguru bat kontratatzearen garrantzia

Igorlea Comunicación (Lagun Aro)

Ezagutzera eman: |

Gure udako oporrez inolako aztoramenik gabe gozatzeko, garrantzi handia du bidaia-aseguru bat kontratatzeak. Estaldura bat baino gehiago daude, ezagutzea interesatzen zaizunak, oporren aurretik, opor garaian edo opor ondoren sor daitezkeen arazoei aurre egiteko. 


Bidaia konbinatuetako asegurua
Zure oporretarako ostatua eta bidaia pack berean konbinatzen dituen bidaia bat erosi baldin baduzu, bidaia konbinatuetako aseguru bat kontratatu behar duzu, honako egoera hauek estaliko lizkizuke-eta: hegazkina 5 ordu baino beranduago irteten denekoa, bidaia arazo teknikoengatik edo konpainiarengatik deuseztatzen denekoa, overbookin-ga, konpainiak sortutako arazoengatik helmugako herrialdean ostatua eta egonaldia aldatzen direnekoa, diruzko kalte-ordaina edo bidaia-garaiko osasun-estaldura.


Bidaia bertan behera uzten deneko asegurua
Gero eta sarriago kontratatu ohi dira bidaiak zenbait hilabete lehenago, prezio hobeak lortzeko. Hala egiten baldin baduzu, aseguru bat izenpetzea komeni zaizu, bidaia bertan behera utzi eta aurreratutako dirua berreskuratu behar duzunerako.

 



2008/05/19 - Hamar pertsonatik batek udaberriko astenia jasaten du

Igorlea Comunicación (Lagun Aro)

Ezagutzera eman: |

Hamar pertsonatik batek, gehixeago edo gutxixeago, udaberriko astenia jasaten du. Trastorno hori eguraldi onarekin batera nabaritzen da, eta neke handi, akidura, makalaldi eta indar-faltagatik bereizten.

Bi udaberriko astenia mota daude: jatorri fisikoa duena bata, eta gorputzeko neke eta ahultasun modura azaldu ohi da, eta nerbio-jatorrikoa bestea, pertsonak  aparteko neke bat sentitzen duenekoa, adimen-ariketa bat egiteko orduan.

Konponbiderik onena, eta merkeena, atsedenaldi jarraitu bat izan beharko luke, baina horrek ez du asko balio. Horregatik, gero eta indar handiagoa hartzen ari den konponbide bat, bitamina gehigarrietara jotzea da. Bitamina horiei buruzko azken ikerlanek diotenez, ordea, ez du ematen hain emaitza onak lortzen dituztenik. Aldiz, badirudi modu jarraituan kontsumituz gero izan daitezkeela kaltegarriak osasunarentzat. Kasu gehienetan, dieta orekatua da erremediorik onena asteniak eragindako ahultasun eta lo egin ezinari aurre egiteko.



2008/05/11 - Eguzkia hartzen ikasi beharra, gero eta garrantzitsuagoa

Igorlea Lagun Aro (Comunicación)

Ezagutzera eman: |

Eguraldi onaren etorrerarekin, denboraldi luzeak egin ohi ditugu eguzkipean, edo bainualdi luzeak hartzen itsasoan nahiz igerilekuan. Behar bezala babestu eta oinarrizko printzipio batzuk betez gero, ohitura horiek gerta daitezke osasungarriak.


Fotobabesgarriak: Eguzkipean jarri aurretik, eguzkitarako babesgarri bat aukeratzea komeni da, gure larruazalari dagokion indizea duena, alegia, eta eguzkitan jarri baino bi ordu lehenago eman.


Adina: Haurtxoek, 3 urtetik beherakoak, eta zaharrek ez dute egon behar eguzkipean, eta 25etik gorako fotobabesgarriak erabili behar dituzte.


Lekua: Mendietan, Ekuatoretik gertuko lekuetan eta elurretan, ahal den neurri guztiak hartu. Izan ere, eguzki-erradiazioek indar handiagoa baitute leku horietan, eta erretzeko arriskua ere handiagoa, noski.


Hidratazioa: Eguzkipean egonez gero izerdi gehiago ateratzen da, eta, beraz, ur gehiago galtzen. Horregatik, ur asko edan behar duzu, deshidrataziorik ez izateko.


Lainoak: Eguzki-erradiazio gehienei -batez ere UVA eta UVB izpiei  pasatzen uzten diete, eta, hortaz, egun lainotuetan ere eguzkitsuetan hartzen diren babes-neurri berak hartu behar dira.
Haurdunaldia: Haurdunaldian eguzkipean egoteak areagotu egiten du larruazalean orbanak agertzeko arriskua, batik bat masailetan eta bekokian. Horrelakorik ez izateko, babes maila altuko krema erabiltzea komeni da.


Botikak: Norbaitek botikaren batzuk hartzen ari denean eguzkia hartuz gero, fotosentsibilizazioa -hau da, eguzki-erradiazioen kontrako larruazaleko erreakzio bat  eragiteko arriskua dauka. Horregatik, horrelakoetan ere babes maila altuko krema erabiltzea komeni da.


Arau hauek betez gero, eguzkipean egoteak ondorio mesedegarriak ekartzen dizkio osasunari; esate baterako, D bitamina fabrikatzen du, kaltzioa xurgatzeko eta, beraz, hezurren osasunerako funtsezkoa dena, alegia. Eta gainera, eguzki-izpiek izan dezakete oso eragin ona larruazaleko zenbait gaixotasunetan ere, psoriasiaren eta aknearen kasuan, adibidez.



2008/05/05 - Odola modu seguruan emateko aholkuak

Igorlea comunicación (Lagun Aro)

Ezagutzera eman: |

Transfusioak behar dituzten pertsonei laguntzeko odol-emailea izatea pentsatzen ari bazara, emaile izateko modurik onena zein den jakitea garrantzitsua da. Emailearen osasunari inolako arriskurik ekarriko ez dion praktika, eta gure ospitaleetako transfusio-premiei aurre egiteko oso beharrezkoa den arren, nahitaezkoa da 18 urte baino gehiago izatea eta 50 kilo baino gehiago pisatzea.

 

Odola ematea erabakitzen baduzu, ez joan baraurik, hobe da lehenago zer edo zer jatea; eta odola atera ondoren zerbait gozoa jan dezakezu. Odola eman ondoren, berriz eman baino lehen hilabete batzuk pasatzen utzi; emakumea bazara, lau hilabetez behin egin dezakezu eta gizonezkoa bazara, hiru hilabetez behin.

Ebakuntza kirurgiko bat egin badizute azken hilabeteetan, gripearen edo hepatitisaren txertoa jarri badizute edo azken urtean herrialde tropikaletara bidaiaren bat egin baduzu, hobe da aldi batean, behinik behin, emaile ez izatea. Nolanahi ere, odola atera aurretik azterketa mediko bat egin, eta azterketa horretan medikuak erabakiko du dena behar bezala dagoen edo itxarotea komeni den.

 

Espainiako legeriak "odola salerostea" debekatzen du. Odola daukaten poltsen kostuak, analisiak, hotz-kamerak, etab. Gizarte Segurantzak (ospitale publikoetan), aseguru-etxeek edo pazienteek (ospitale pribatuetan) ordaintzen dituzte. Espainian ateratzen den odol guztia Erakunde Ofizialek kontrolatzen dute.



2008/04/28 - Nola egin zure lehenengo herri-lasterketa

Igorlea Lagun Aro (Comunicación)

Ezagutzera eman: |

Lagun Arok kirolaren aldeko apustua egin du, eta guk sustatutako herri-lasterketetan parte hartzera animatzen zaitugu. Herri-lasterketak ez dira atletentzat bakarrik izaten, badaude 5 edo 10 kilometroko lasterketak ere, entrenamendu pixka bat eginez gero edozein pertsonak egin ditzakeenak.

Ondoren zure lehenengo herri-lasterketa egiteko aholku batzuk emango dizkizugu:

- Afari arina
Lasterketa aurreko gauean arin afaldu behar da, janari astunik eta gehiegikeriarik egin gabe; organismoak erraz onartuko dituen janariak hartu behar dituzu.
 
- Goiz oheratu
Ahalik eta gehien deskantsatu, eta zortzi ordu lo egin, gutxienez.
 
- Gosaria
Lasterketa baino ordu pare bat lehenago gosaldu. Gosari sanoa egin, zereal, esne eta txigorkiekin; hori nahikoa da.
 
- Hidratazioa
Ondo hidratatu behar da gorputza, batez ere lasterketako eguna egun beroa eta hezea baldin bada. Ura edan egarririk gabe ere; komeni da litro laurden bat ur edatea lasterketa aurretik, eta trago txikiak lasterketa bitartean.
 
- Arropa berririk ez estreinatu egun horretan
Egin dezakezun gauzarik txarrena izango da lasterketa egunean arropa estreinatzea. Entrenatzeko erabiltzen zenuen arropa bera erabili. Eta seguru egon ez dizula alergiarik edo erresuminik eragingo.

- Kirol-oinetakoak
Ezta burutik pasatu ere zapatilak estreinatzea; oinetakoak erabiliaren erabiliz egokitzen dira-eta hanketara. Beraz, entrenatzen erabiltzen zenituen oinetako berak erabili. Baba, molestia eta min asko saihestuko dituzu horrela. 

- Antsietatea
Irteeran, lasai eta erlaxatuta egon. Tropelaren bukaeran jarri, eta ez atera lehenengo postuetan. 

 



  1. anterior
  2. 1...
  3. 2
  4. 3
  5. 4
  6. 5
  7. 6
  8. 7
  9. 8
  10. ...9
  11. siguiente
Mondragón Corporación · Humanity at work