Ikasgelan

Itzuli

OSASUNA

2009/06/22 - Elikagaiak udan nola kontserbatu

Igorlea Lagun Aro (Comunicación)

Ezagutzera eman: |

Uda-garaian bero handia egiten duenez, errazagoa izaten da bakterioak ugaltzea. Horregatik, urteko sasoirik beroena den horretan behar-beharrezkoa da arreta bereziz eta kontu handiz jardutea janariak eta elikagaiak erosi, gorde eta erabiltzerakoan.

Janari-edariak erosi eta berehalaxe kontsumitzen ez badituzu, beharrezkoa da galtzeko arriskua duten elikagaiak lehenbailehen hozkailuan edo izozkailuan gordetzea; giro- tenperatura ez baita segurua ez elikagaiak kontserbatzeko ez desizozteko ere.

Ez ahaztu inoiz eskuen bitartez dabiltzala gehienbat germenak batetik bestera, horixe baita transmisio-biderik arruntena; beraz, izan eskuak beti garbi. Intsektuak ere izan daitezke germen-eramaile; janariak estalita egotea komeni da, horrenbestez.

Kontu egiezu batez ere barazkiei (ondo-ondo garbitu jan aurretik) eta arrautzei. Jakina denez, hozkailuan egon behar dute denbora guztian. Tortilla prestatu behar duzunean, ondo egina egon dadila. Ahal dela, ez ipini prest dauden janariak eta janari gordinak elkarren ondoan.



2009/06/15 - Era ekologikoan kontsumitu

Igorlea Lagun aro (Comunicación)

Ezagutzera eman: |

Gure eguneroko bizitzan kontsumo ekologikoko jarraibide batzuk ezarrita, ingurumena zaintzen laguntzeaz gainera, gure poltsikoari ere lagunduko diogu.

Lehen urratsa da ahal den neurrian plastikozko poltsarik ez erabiltzea, eta, behinik behin, ahalik eta gehien aprobetxatzea, berrerabiliz. Era berean, baztertu beharrezkoak ez diren bilgarriak eta plastikozko edo poliestirenozko erretiluak, baita "erabili eta botatzeko" produktuak ere (paperezko mahai-zapi eta ezpainzapiak, plastikozko basoak, etab.)

 

Erabili kontsumo txikiko bonbillak; nahiz eta garestiagoak izan, gehiago irauten dute eta elektrizitate gutxiago kontsumitzen dute. Hautatu energia berriztagarrietan oinarritutako sistemak edo A klaseko etxetresna elektrikoak, gutxiago kontsumitzen baitute.

Elikadurari dagokionez, hobe da produktu freskoak eta sasoikoak erostea, kontsumitzeko unerik onenean egoteaz gainera, merkeagoak izan ohi dira-eta. Eta ez ahaztu hondakinak era egokian banatzea, ahalik eta modurik eraginkorrenean birzikla daitezen.



2009/06/09 - Poltsikorako ohitura osasungarriak

Igorlea Lagun Aro (Comunicación)

Ezagutzera eman: |

Gaur egungo egoera ekonomikoak zure poltsikoan ahalik eta eragin txikiena izan dezan, kontsumo-ohituretan aldaketa txiki batzuk egitea proposatzen dizugu.

Saia zaitez alferreko gastuak kentzen, hala nola ia erabiltzen ez duzun kreditu-txartelaren kuota edo gimnasioko kuota, gutxitan joaten bazara. Itzali etxetresna elektrikoak, "stand by" moduan utzi beharrean; igo pertsianak ahal beste, argi naturala aprobetxatzeko; labea piztu behar baduzu, saia zaitez erretilu guztiak betetzen, eta ontzi-garbigailua eta arropa-garbigailua pizteko, itxaron ondo beteta egon arte. Trikimailu txikiak dira, baina benetan lagungarriak gastuak murrizteko.

Eta ez daukazu zure bizitza sozialari uko egin beharrik. Joan zaitez zinera ikuslearen egunean; bidaia egin behar izanez gero, alderatu prezioak, eskaintzarik onena hautatzeko; eman izena kiroldegian (gimnasioa baino merkeagoa da); elkartu lagunekin etxean, eta abar.

 



2009/05/11 - Alergiei aurre egiteko aholkuak

Igorlea Lagun Aro (Comunicación)

Ezagutzera eman: |

Lore-hautsari alergia diotenek udaberri oro jasaten dute beren gurutze-bide berezia. Alergiaren sintomak arintzeko, aholku batzuk eskaintzen dizkizugu:
- Ahal dela, ez joan landare ugari dauden lekuetara edo mendietara.
- Autoan zoazela, eraman leihoak itxita, eta eduki iragazkiak egoera onean, kanpoko lore-hautsik sar ez dadin.
- Mugatu aire librean egiteko jarduerak goizeko lehen orduetara. Lore-hautsa goizeko 5:00ak eta 10:00ak artean jaulkitzen da gehienbat.
- Garbitu ilea gauez, goizez garbitu ordez, egunean zehar pilatutako hondarrak kentzeko.
- Saiatu leihoak itxita lo egiten, eta ez itzazu ireki polinizazio-unerik handienetan, edo haize handia dabilenean.
- Ez erre, zure defentsa-mekanismoak urritzen dituzu-eta.
- Hautsaren akaroei alergia badiezu, erabili xurgagailua erratzaren ordez. Hautsa kentzeko, erabili bustitako zapi bat.
- Ez moztu soropilik, eta ez hurbildu moztu berria dagoenean.
Eta gogoan izan: eduki eskura sintomak ez areagotzeko erabiltzen dituzun sendagaiak, baina hori bai, inoiz ez hartu botikarik zure kabuz.



2009/04/20 - Ondo lo egin, hobeto bidaiatzeko

Igorlea Lagun Aro (Comunicación)

Ezagutzera eman: |

Lo-faltak edo kalitate txarreko atsedenak eragina du errendimendu fisiko eta intelektualean, gidatzeko gaitasunean eta edozein ustekaberen aurrean ematen dugun erantzunean.

Horregatik, bidaia luzearen bezperan, erlaxatzeko, arazoak ahazteko eta atsedenerako prestatzeko, baliagarriak gerta dakizkizuke irakurtzea, musika entzutea edo telebista ikustea. Oheratu aurretik bainu edo dutxa beroa hartzea, esne-edalontzia hartzea... lagungarriak dira lo hartzeko. Eta ariketa fisikoa egitea gustuko baduzu, ez egin egunaren azken orduetan.

Horrez gain, ordu-aldaketa duten herrietara bidaiatzen baduzu, gogoan izan loaren eta esnaldiaren tarteak markatzen dituen barruko erlojuarekiko desoreka bat sortzen dela. Ordutegi berrira egokitzeko aholkuetako bat da desfasearen lehenengo egunean goizean goizetik ariketa fisiko gogorra egitea.



2009/02/09 - Etxera iritsi eta erlaxatzeko

Igorlea Lagun Aro (Comunicación)

Ezagutzera eman: |

Denok iristen gara nekatuta etxera lanetik irtendakoan. Eta okerrena zera da, ardurak ez direla hor bukatzen: etxeko lanak, umeak... Erlaxatzea nahitaezkoa da, energia berreskuratzen laguntzen digulako, eta tentsioa da, hain zuzen ere, modu osasungarrian bizitzeko oztopo handienetako bat.

Etxera iristean, alde batera utzi behar dira bai estresa eta bai tentsioak, eta ondo bukatu behar da eguna, biharamunean indar eta energia handiagoarekin hasi ahal izateko.

Gehiago erlaxatzeko moduak izan daitezke, esate baterako, goizean jaikitzean gorputza luzatzea, egunero ordu erdiz paseatzea, leku lasai batean suabe eta sakon arnasa hartzea hainbat aldiz, bainu bero bat hartzea etxera iristean gogoko musika entzuten duzun bitartean... Neurri horiek guztiek erlaxatzen lagunduko dizute egunaren amaieran... edo behar duzun aukera guztietan!



  1. anterior
  2. 1
  3. 2
  4. 3
  5. 4
  6. 5
  7. 6
  8. ...9
  9. siguiente
Mondragón Corporación · Humanity at work