Ikasgelan

Itzuli

AUTOMOBILA

2011/05/01 - Gidari ona izateko bidea

Igorlea Lagun Aro (Comunicación)

Ezagutzera eman: |

Gidari ona izatea, ibilgailua ondo gidatzea baino gehiago da, egoera zailetan erantzuten jakin behar da, bolantean esperientzia eduki behar da....

Gidari onak jarrera ona izan behar du gainera bolantea eskuartean daukanean: lasai azaldu behar du, zirkulazio-arauak bete, gainerako gidariak aintzakotzat hartu, oldarkorra ez izan.... eta, azkenik, oso kontuan izan, zenbaitetan ez garela egoten ibilgailua gidatzeko moduan.

Hori lortu nahi baduzu, nahikoa izango duzu gauza txiki batzuk kontuan hartzea: ez hitz egin mugikorretik, lotu uhala, ez gidatu edanda bazaude, ez distraitu, errespetatu abiadura-mugak eta seinaleak, ez gidatu logaleak bazaude, planifikatu bidaia eta ibilbidea aldez aurretik, gorde segurtasun-tartea, eguraldiari erreparatu eta aztertu ibilgailua aldizka, eta bidaia bakoitzaren aurretik.



2011/03/29 - Aire-girogailua edo aire-klimatizagailua?

Igorlea Lagun aro (Comunicación)

Ezagutzera eman: |

Auto bat erostekotan bazara, zalantza hau sortuko zaizu agian: aire-girogailua duen modeloa ala aire-klimatizagailua duena erosi. Bakoitzaren desberdintasuna eta abantailak azalduko dizkizugu, eta erabilerari buruzko aholku batzuk ere emango dizkizugu.


-Aire-girogailuak aire hotza sartzen du autoaren barnean, kaleko airea baino hotzagoa ere bai batzuetan. Aire-klimatizagailua, aldiz, berogailua, aire girotua eta aireztapena kontrolatzen dituen sistema bat da. Barneko tenperatura kontrolatzen du, airearen emaria, irteera, eta abar.

-Aire-klimatizagailuaren eta aire-girogailuaren arteko aldea hau da: aire-klimatizagailuarekin ez daukazu haizagailuaren abiadura maneiatu beharrik, ezta airearen irteerak hautatu beharrik ere, tenperatura egonkor mantentzeko autoaren barnean. Besterik gabe, nahi duzun tenperatura aukeratu, eta sistema arduratuko da gainerako guztiaz.

-Klimatizazio-sistema aurreratuenek zona independenteen arabera doi dezakete tenperatura (gidariarena eta bidaiariarena), eta, gainera, eguzki-izpiek autoaren barnean duten eragina kontuan hartzeko gai izaten dira.

-Bestalde, autoa erosteko garaian prezioa izaten da alde nagusia, garestiagoa izaten dena aire-klimatizagailuaren kasuan.

-Bai aire-girogailuak eta bai aire-klimatizagailuak gehiago iraun dezaten, jarraitu urrats hauei:

• Konektatu aire-girogailua minutu batzuetan neguan, astean behin gutxienez, hoztaileak zirkuituan zirkulatzeko, eta bideetako junturak ez lehortzeko.

• Ez erabili inoiz gehieneko potentzian, benetan beharrezkoa ez bada, eta halakoetan, ez eduki horrela denbora luzez.

• Deskonektatu aire-girogailua motorra itzali aurretik.

-Saiatu arduraz erabiltzen erregai-kontsumoa murrizteko: ibilgailua martxan jartzean ez jarri aire-klimatizagailua 30 ºC-tan, ez baituzu berorik lortuko berehala; nahikoa izaten da kilometro batzuk egitea; mantendu tenperatura 20 - 24 ºC bitartean; ez konektatu bero gutxi egiten duen egunetan, ez baita beharrezkoa, eta abar.



2011/03/14 - Maskotekin autoz bidaiatzeko aholkuak

Igorlea Lagun aro (Comunicación)

Ezagutzera eman: |

Askotan gure maskota autoan eraman behar izaten dugu, bai bidaia luzeetan bai ibilbide motzetan. Orokorrean, animalia otzanak eta obedienteak izaten diren arren, ibilgailuaren barruan lotu gabe badaude gidariarentzako arreta galtzeko iturri arriskutsua izan daitezke, eta horrez gain, animaliaren beraren segurtasuna ere arriskuan jartzen da.

Hauek guk zein gure maskotek seguru bidaiatzeko zenbait aholku dira:

- Maskotak leku egokian eta ondo lotuta joan behar du beti, bat-batean frenatzen bada edo istripurik gertatuz gero, kanpora aterako bailitzateke indar handiz.

- Erabili animalia bidaiariengandik isolatuta mantentzeko segurtasun-osagarriak, hala nola sare edo hesi babesgarriak.

- Maskota handia bada, aukera on bat segurtasun-arnesa erabiltzea da, izan ere segurtasun-uhalaren funtzioa egingo baitu eta animalia eserlekuko estekailuari lotzeko aukera ematen baitu.

- Animalia txikia bada, aukerarik onena garraio-kutxak dira; izan ere animalia ibilgailuko leku seguru batean jartzeko -eta horrela gidariak arreta galtzeko arriskurik ez egoteko- plastikozko kaiola txikiak baitira.

- Ez ahaztu. Bidaia luzeetan, haiek ere atseden hartzeko eta ernatzeko beharra dutela. Saiatu maskotak autoan bakarrik ez uzten atseden hartzeko gelditzen zarenean, eta, are gutxiago, eguzkitan eta leihoak itxita.



2011/01/31 - Haurdun dauden gidarien segurtasun-aholkuak

Igorlea Lagun aro (Comunicación)

Ezagutzera eman: |

Autoan goazenean denok gutxieneko segurtasun-arau batzuk mantendu behar ditugun arren, haurdun dauden emakumeek arreta berezia jarri behar dute horietan.


Gogora ditzagun zein diren amari nahiz haurrari segurtasun-mailarik handiena bermatzeko arau horiek:

- Eserleku-bizkarrak ez du inoiz zuzenegi egon behar; pixka bat okertuta erosotasun eta segurtasun handiagoa izatea bermatuko dugu.

- Eserlekuak ez du bolantetik gertuegi edo urrunegi egon behar. Egokiena da bularretik bolantera 25 zentimetro inguruko distantzia uztea.

- Segurtasun-uhala jartzeko era oso garrantzitsua da, gidariaren gorputzeko alderik zurrunenei (gorputz-enborraren goialdea eta pelbisa) eusten dielako, eta, horrela, alderik ahulenak eta batez ere abdomena, babesten dituelako.

- Uhala bularraren gainetik gurutzatu behar da, eta inoiz ez sabelaren gainetik, talkarik egonez gero arriskutsua izan daitekeelako. Uhalaren bigarren zatiak sabelaren azpitik gelditu behar du, eta beti tinko tira behar da.



2010/10/19 - Ez ahaztu autoan botika-kutxa eramateaz

Igorlea Comunicación (Lagun Aro)

Ezagutzera eman: |

Autoz bidaiatzen duzunean, beti eraman behar duzu botika-kutxa bat oinarrizko material sanitarioarekin.

Aholku batzuk eskaintzen dizkizugu botika-kutxa antola dezazun:

-Oinarrizko edukia hau izan beharko litzateke: antiseptiko iododuna, bendak, gaza esterilizatuak, latexezko eskularruak, mutur biribilduko guraizeak, esparatrapu hipoalergenikoa, pintzak, erredurentzako krema, xaboi-disoluzioa, zorabioaren aurkako pilulak eta analgesikoak.

-Begiratu aldiro-aldiro material guztiaren iraungitze-datari.

-Saihestu beirazko ontziak eta erraz honda daitezkeen presioko ontzikiak. Edonola ere, material guztia estutxe zurrun eta hermetiko baten barnean gorde beharko da.

-Gomendagarria da botika-kutxaren barnean larrialdietako telefono-zenbakiak eramatea, behar izanez gero eskura izan ditzazun.

-Ez ezazu kutxa eguzkitan jar, produktu gehienak beroarekin eta argiarekin honda baitaitezke, eta ez ezazu umeen eskueran utzi.

-Atzerrira bidaiatzen duzunean, komenigarria da botika-kutxan erabili ohi dituzun sendagaiak sartzea, errezetarik gabe lortzea zaila izan baitaiteke.

 



2010/09/20 - Ibilgailuko beirak egoera onean edukitzeko aholkuak

Igorlea Comunicación (Lagun Aro)

Ezagutzera eman: |

Ibilgailuan seguru ibili ahal izateko, ezinbestekoa da beirak egoera onean egotea. Izan ere, beiraren bat hondatuta badago, % 70 arte jaitsi baitaiteke haren erresistentzia; gainera, bidaiariaren airbag-ak ez du horrenbeste babesten, eta, horregatik, arrisku handiagoa dute ibilgailuko bidaiariek.

 

Beraz, talka txikiena izaten duzuenean ere, tailerrera jo behar duzu, ezbeharra konpontzeko. Beira apurtuz gero, bi aukera egoten dira: tailer espezializatu batean apurtutako beiraren ordez beste bat jartzea edo pitzadura konpontzea. Bigarren aukera hori erosoagoa gerta dakioke gidariari, 30 minutu eskas behar baitira pitzadura konpontzeko. Dena den, halako konponketa bat egin ahal izateko, beiraren pitzadurak bi euroko txanpon baten diametroa baino txikiagoa izan behar du, eta ezin da zuzenean gidariaren ikus-eremuan egon.

 

Tenperatura-aldaketa handiko urte-sasoiak -alegia, negua eta uda- kaltegarriagoak izaten dira beirentzat. Esate baterako, neguan, beira izoztuta dagoenean, ez duzu haizetakoan likido berorik bota behar, ez eta izotza gailu zorrotzekin harraskatu ere, beira hondatu egin baitaiteke. Onena ur epela botatzea da, antzigarra eta izotza pixkanaka-pixkanaka urtu daitezen.



  1. anterior
  2. 1
  3. 2
  4. 3
  5. 4
  6. ...5
  7. siguiente
Mondragón Corporación · Humanity at work